Euskaltelek EAEko enpresei laguntzen die, Kit Digitala programari ahalik eta etekin handiena atera diezaioten

Euskal operadoreak "Next Generation" funtsak baliatuz enpresei laguntzeko "Kit Digitala" programari buruz emandako hitzaldi birtualak aurreikuspen guztiak gainditu ditu, 300 lagunek eman baitute izena.

Bilbo, 2022ko otsailaren 3a. Euskaltelek ETE-en ondoan jarraitzen du Next Generation Europako funtsak iritsi diren une estrategiko honetan ere. Pandemiaren ondorioak ahal den neurrian arintzea da asmoa, eta unea aprobetxatzea negozioen ikerketa eta garapen teknologikoaren aldeko apustua egiteko, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren bidez.

EAEko enpresa txiki eta ertainek funts horiek nola erabil ditzaketen argitzeko, Euskaltelek lehenengo informazio-hitzaldia eman du gaur goizean The Tech Experience eraikin birtualean, eta aurreikuspen guztiak gainditu ditu ekitaldiak, 300 lagunek eman baitute izena.

Sabela Tilve MASMOVILeko proiektu estrategikoetako I+Gko arduradunak Kit Digitala programa: zer da eta zertan datza? hitzaldia eman du, eta laguntza horiek -12.000 eurokoak izan daitezke- nola antolatu eta nola egin errentagarri azaldu du.

Bonu digitalez aritu da: zertan oinarritzen diren, zer irtenbide eskaintzen dituzten, zenbatekoak diren, nola eskatu behar diren, norentzat diren eta zer epe dituzten, besteak beste.

Digitalizazio-bonoak eta milioi bat enpresa

Kit Digital programa Espainiako Gobernuko Ekonomia eta Eraldaketa Digitalaren Ministerioak onetsitako ekimen bat da. 3.000 milioi euroko aurrekontu totala du programak, Next Generation EU funtsetatik eratorria. Edozein sektoretako eta edozein negozio-eremutako milioi bat enpresa txiki, mikroenpresa eta langile autonomo digitalizatzeko laguntzak emango dira.

Tilvek adierazi zuenez,"Helburu horrekin prestatu dira bonu digitalak, eta, haien bidez, ETE-ek katalogo espezifiko bateko soluzio bat edo gehiago kontratatu ahalko dute, haien heldutasun digitala nabarmen hobetzeko". Bonuak gehienez ere 12.000 €-koak izan daitezke 10-49 enplegatuko enpresetarako, 6.000 €-koak 3-9 enplegatuko enpresetarako, eta 2.000 €-koak langile 1 edo 2 dituzten enpresetarako. Espero da bonu digitala eskaera egin 15 egunera entregatzea, izapide guztiak egin ondoren. Enpresak iristen diren ordena jarraituko da bonuak emateko, funtsak agortu arte.

Euskaltel, "eragile digitalizatzailea"

Bestalde, Alberto Díaz Freirek, "Kit Digitala: ETE eskatzaileen eta eragile digitalizatzaileen rola" hitzaldian, azaldu du Euskaltelek "eragile digitalizatzaile" izan nahi duela ETE-ei haien beharretara ondoen egokitzen den soluzioa aurkitzen laguntzeko prozesu osoan zehar, Europako funtsek une honetan eskaintzen duten aukera berezi hau aprobetxatuz. Testuinguru horretan, Euskaltel gainerako lehiakideen artean gailentzen da, eskatzaile bakoitzari segimendu eta aholkularitza berezia proposatzen baitizkio. Horrez gainera, negozioa digitalizatzera zuzendutako zerbitzu-aukera zabal bat jartzen du haien esku, eta prest dago laguntzak (bonuak) eskatzeko izapideak egiteko eta gero zerbitzuak ezartzeko.

"Izan ere, jarraitu du Díazek, aholku eta laguntza emango zaie enpresa txiki eta ertainei, soluzio arin eta errazak emateko. Horretarako, aliantza estrategiko garrantzitsuak ditu Euskaltelek; ez dira mugatzen enpresa handi eta erreferentziazko bazkideekiko akordioetara bakarrik, estatuko eta tokiko ETE-ekin ere egin baitira soluzio espezifikoak lortzeko akordioak. (?) Hori da gure proposamena desberdin egiten duen alderdi nagusia: enpresa ez hain handiekiko sentsibilitatea, modu pertsonalizatuan ematen baitiegu aholku eta laguntza, une oro bakoitzaren beharretara egokituta".

Arazo zehatzak, irtenbide zehatzak

Hitzaldian (10-49 enplegatuko enpresei zuzendua berariaz), merkatuan iraun eta lehiatu nahi duen edozein negoziok izan behar dituen premiazko eta ezinbesteko soluzio digital horietako batzuk zehaztu dira.

Operadoreak "eragile digitalizatzaile" gisa eskainiko ditu soluzio horiek; besteak beste, webgunea hobetzea, komunikazioen segurtasuna indartzea, sare sozialak kudeatzea, bezeroen analisia eta ingeniaritza garatzea, prozesuen kudeaketa eta faktura elektronikoa, zibersegurtasuna eta bulego birtualeko zerbitzu eta tresnak.

Euskaltelek, halaber, heldutasun digitalaren testa egiteko (Acelera Pyme atari ofizialean dago) laguntza behar duten enpresei lagunduko die, eta bonu digitala eskatzeko izapideak egiteko ere emango du laguntza, dirulaguntza lortu arte egin beharreko izapideak egingo baititu borondatezko ordezkari gisa.

Operadoreak "eragile digitalizatzaile" gisa jardun nahi du soluzio horiek ezarriz eta bonu digitala konpainiarekin kudeatzen duten ETE-ei, Euskalteleko bezero diren edo ez kontuan izan gabe, laguntzak dirauen 12 hilabeteetan zerbitzu emanez; zerbitzu hori denbora gehiagoan emango da, enpresak hala erabakitzen badu.

Azkenik, Euskaltelek arrakala digitala murriztearekin duen konpromisoa berretsi du Díaz Freirek "gure ustez, bonua eta bestelako neurri batzuk oso erabilgarriak dira ETE-en enpresa-ehuna bultzatzeko, negozio guztiek aukera berdinak izan ditzaten. Euskaltelek pakete diferentzial baten alde egin du, ekintzaileak ez daitezen arduratu izapideak egiteaz, eta beren enpresan zentratzeko aukera izan dezaten", adierazi du.

Euskaltel - Komunikazioa

komunikazioa@euskaltel.com