Urretxuko 2.500 etxebizitza eta enpresa azken belaunaldiko zuntz optikoko sarera konektatu ditu Euskaltelek
Udalerri horretako bezeroek estatuko telekomunikazio-zerbitzu aurreratuenak izango dituzte
- Zuntza MAX izeneko FTTH sareari esker, herri horretako etxeek eta enpresek XGS-GPON teknologian oinarritutako azken belaunaldiko sare baterako sarbidea izango dute. Sare horrek abantaila hauek ditu, besteak beste: 10 Gb/s-ko nabigazio-abiadura simetrikoak onartzen ditu, gaur egungo teknologiak baino 4 aldiz deskarga-ahalmen handiagoa du eta 8 aldiz igotzeko ahalmen handiagoa ditu, eta estaldura handiagoa eskaintzen du etxean, WiFi 6 teknologiari esker.
- Sare berriak aukera emango du aldi berean prestakuntza jasotzeko, telelana egiteko, jokoetan aritzeko, streaming-eko edukiak ikusteko edo bideo-deiak egiteko.
- Euskaltel Urretxuko bezeroekin harremanetan jarriko da, eta azalduko die zer urrats egin behar dituzten beren ekipamenduak belaunaldi berriko beste batzuekin aldatzeko. Ekipamendu berriak aurreratuagoak izango dira, Wifi 6 eta Android duen deskodetzailea izango dituzte, eta aldaketa doan izango da bezeroentzat.
- Aurten, Euskadiko 1.300.000 etxe eta negozio konektatu ahal izango dira Euskaltelen FTTH sare berrira.
- Hedapen hori Euskaltelen 350 milioiko inbertsio-plan baten parte da, eta helburua da Euskadiri zuntz-sare onena eta azkarrena eta 5G teknologia eskura jartzea.
Urretxun, 2022ko apirilaren 26an. Urretxuko 2.500 etxe eta enpresak Euskaltelen zuntz optikozko sare berrirako sarbidea dute (FTTH), eta, horri esker, operadorearen telefonoko, Interneteko eta telebista digitaleko zerbitzu aurreratuak baliatzeko aukera izango dute.
FTTH sare horri esker, herri horretako etxeek zuntza Max izango dute, XGS-GPON teknologian oinarritutako azken belaunaldiko sare bat. Sare horri esker, 10 Gb/s-rainoko nabigazio-abiadurak edukiko dituzte, eta beste abantaila esklusibo batzuk ere bai; besteak beste, estaldura handiagoa izango dute etxean, WiFi 6 teknologiari esker, eta gailu batek baino gehiagok aldi berean nabigatzeko ahalmen handiagoa. Sare berriak aukera emango du aldi berean prestakuntza jasotzeko, telelana egiteko, jokoetan aritzeko, streamingeko edukiak ikusteko edo bideo-deiak egiteko.
Euskaltel Urretxuko bezeroekin harremanetan jarriko da, eta azalduko die zer urrats egin behar dituzten beren ekipamenduak belaunaldi berriko beste batzuekin aldatzeko. Ekipamendu berriak aurreratuagoak izango dira, Wifi 6 eta Android TV duen deskodetzailea izango dituzte, eta aldaketa doan izango da bezeroentzat. Gainera, Euskaltelen zerbitzuak kontratatzen ari diren bezero berriek dagoeneko zuntz optikozko sare berrirako kontratatzen dituzte gehienbat.
Euskaltelen sare osoa azken belaunaldiko zuntz optikoaz ordezteko, XGS-GPON estandarrean oinarritutako teknologia erabiltzen da. Teknologia hori prestatuta dago prestakuntza, telelana, gaming-a, streaming-a edo bideo-deiak aldi berean egiteko, eta simetria osoa du sare osoan. Estandar horri esker, 10 Gb/s-rainoko abiadura simetrikoak lor daitezke, hau da, egungo teknologiak duen deskarga-ahalmena baino 4 aldiz handiagoa, eta igotzeko ahalmen 8 aldiz handiagoa.
Ekipamendu berria eta doan Sare bizkorragoa eta modernoagoa
Sare berri horri zuntza Max deritzo, zuntz optikoaren ezaugarriak potentzia maximora igotzen dituelako. FTTH teknologia etxeetaraino eramaten du zuzenean, eta abiadura simetrikoak eskaintzen ditu (igoera- eta jaitsiera-abiadura berak), eta energia gutxiago kontsumitzen du, bideratzaile berri bat instalatzen baitu, modernoagoa eta prestazio handiagokoa.
Euskaltelen azken belaunaldiko sare moderno eta azkar horren abantaila nagusiak dira estaldura hobea eta nabigatzeko ahalmen handiagoa eskaintzen dituela gailu bat baino gehiago aldi berean konektatuta daudenean. Gainera, WiFi 6 ere badu, merkatuko wifi-teknologiarik onena: Dual Band sistema edo frekuentzia duala eta etxeko txoko guztietara iristen den banda adimenduna. Haririk gabeko transmisio-estandar berri bat da, "seigarren belaunaldiko" wifia: estaldura hobea ematen du, azkarragoa da, seguruagoa (WPA3), energia-gastu txikiagoa du, interferentzia gutxiago, eta kudeaketa ezin hobea aldi berean 200 gailutan erabilita ere.
Bezeroek Android-4K deskodetzailea ere izango dute ekipamendu berrian. Deskodetzaile horrek barnean hartzen ditu Netflix eta Amazon, eta aplikazioak eta jokoak instalatzeko aukera ere ematen du. Gainera, TBko edukiak irudi-kalitate errealagoarekin eta HD baino 4 aldiz xehetasun handiagoarekin ikus daitezke Replaytekan, aukerako edukiak dituen kanal anitzeko telebista-plataforma digitalean (110 kanal baino gehiago, eta eskaera bidezko 6.000 titulu).
FTTH sarearen eta 5G-aren hedapena
Urretxuko udalerrian Euskaltelen sarea eguneratzea azpiegitura hori Euskadin zabaltzeko eta modernizatzeko planaren zati bat da. Operadoreak 350 milioi euro inbertituko ditu datozen hiru urteetan sare hori eta 5G teknologia hedatzeko. Izan ere, helburua da Euskadi Europako eskualde garatuenen artean kokatzea telekomunikazio-azpiegiturei dagokienez, eta euskal bezeroak merkatuko gogobetetze-maila handiena dutenak izatea.
Dagoeneko abian den hedatze-plan hori pixkanaka zabaltzen ari da Euskadi osora, eta hurrengo hilabeteetan bezero guztiek, oraingoek eta etorkizunean izan daitezkeenek, merkatuko zuntz-teknologiarik azkarrena izango dute.
Inbertsio handi horri esker, dagoeneko Euskadiko biztanleria osoaren % 75ek zuntz optiko bidez jasotzen ditu operadorearen zerbitzuak. Prozesua amaitzen denean, Euskadiko 1.300.000 etxe eta negozio konektatu ahal izango dira Euskaltelen FTTH sare berrira.
Gainera, etxeetan ekipamendu berriak instalatzeko lanak amaitzen direnean, Euskadi Europako eskualderik aurreratuenetako bat izango da teknologiari dagokionez, eta 5G teknologia erabiltzeko eta garatzeko prestatuta egongo da. 5G teknologia zuntz optikoaren sarean oinarritzen da, eta abiadura handiagoa dakar, 4G teknologiak baino ahalmen hamar aldiz handiagoa, eta gai da datu-kopuru eskerga bat kudeatzeko eta komunikazio ultralasterrak ia latentziarik gabe ezartzeko.
Digitalizazioan eta eraldaketa digitalean aurrera egiteko aukera ematen du 5Gak. Horrez gain, beste teknologia batzuei ere bultzada handia emango die, hala nola adimen artifizialari, robotikari, big datari, gauzen Interneti (IoT) edo errealitate birtualari.
Euskaltel - Komunikazioa
komunikazioa@euskaltel.com