APD Nortek eta Euskaltelek bat egin dute Euskadiko eta Nafarroako ETEen zibersegurtasuna bultzatzeko

Bilbon, 2024ko otsailaren 12an Euskadiko eta Nafarroako 670 enpresa bazkidek baino gehiagok beren zibersegurtasuna indartuko dute aurten, Euskaltelen eta ADPren (Asociación para el Progreso de la Dirección) arteko aliantzari esker, zeina berriki berretsi baitute bi erakundeen ordezkariek. Eduardo Junkera APD Norteko presidenteak eta Jon Ander de las Fuentes Euskalteleko zuzendari nagusiak bien arteko lankidetza-hitzarmena berretsi dute, eta, hala, sendotu egin dute konfiantzan oinarrituriko hamarkada bateko elkarlana.



Berritu eta eguneratu egin dute ADPko kideentzat balioa sortuko duten ekimenak garatzeko hitzarmena, eta, aldi berean, Euskaltelek Euskadiko eta Nafarroako enpresa-ingurunearekin duen konpromisoa berretsi du. Hitzarmen horrek, zeinak ezagutza, esperientzia eta tekniken truke bateratua bultzatzen baitu, helburu hau du 2024rako: ETEen zibersegurtasuna areagotzea eta hori lortzeko behar diren tresnak eskaintzea enpresen giza taldeari.


Gaur goizean sinatu da hitzarmena, eta Jon Ander de las Fuentesek APDrekiko lankidetzari buruzko balantze oso positiboa egin du. De las Fuentesen hitzetan, “Euskaltelen iritziz, funtsezkoa da euskal ETEen segurtasuna handitzeko ahalegina egitea. Digitalizazioa urrats handiak egiten ari da etengabe, eta prest eta ondo babestuta egon behar dugu gure lanak segurtasunez eta konfiantzaz egiten jarraitu ahal izateko. Euskalteleko adituek egingo dute hori guztia, modu guztiz praktikoan, horretarako antolatutako jardunaldietan”.



Ezagutza partekatzeko ekitaldiak

Helburu hori betetzeko, APD Nortek eta Euskaltelek zenbait trebakuntza-saio eta ekitaldi antolatu dituzte APD Norteko bazkideentzat, enpresok aukera izan dezaten zibersergurtasuna modu eraginkor eta efizientean kudeatzen eta martxan jartzen ikasteko. Euskadiko eta Nafarroako enpresen eraldaketa digitalean duen esperientzia aditua eskainiko du Euskaltelek, eta nabarmenduko du oso garrantzitsua dela zibersegurtasuna zaintzea gaur egungo testuinguruan, non funtsezkoa baita aldaketetara azkar egokitzea eta enpresak egungo mehatxuetatik babestea.


Hala, urtean zehar zenbait hitzordu izango dira, non enpresek aukera izango baitute mundu konektatuan dituzten erronken berri emateko. Halaber, zibersegurtasunari buruzko informazioa jasoko dute, zibererasoen ondorioak izango dituzte hizpide, eta, horretaz gainera, zibersegurtasuna modu eraginkor eta efizientean kudeatzeko gida erabilgarri bat ere ezagutuko dute; gida hori hizkera ez-teknikoan azalduko zaie, modu praktikoan betiere, ETEen egoera eta gaitasunak aintzat harturik.



Euskaltel Komunikazioa

comunicacion@euskaltel.com