Marea Laranjaren elastiko berria aurkeztu du Euskaltelek, fenomeno horri buruzko dokumental esklusibo batekin batera
Euskaltel-Euskadik jakinarazi du zer talde eramango duen Itzulia Basque Country lehiaketara (apirilaren 1etik 6ra), eta, Euskaltel babesle nagusiaren eskutik, Marea Laranjaren elastiko berritua aurkeztu dute, euskal txirrindularitzaren aste nagusian zaleek Irundik Eibarreraino jantzi ahal izango dutena.
Jon Aberasturi, Enekoitz Azparren, Xabier Berasategi, Mikel Bizkarra, Víctor de la Parte, James Fouché, Txomin Juaristi, Gotzon Martín eta Iker Mintegi dira Itzuliari aurre egiteko kirol-zuzendaritzak aurrez hautatutako bederatzi txirrindulariak. Astean zehar, Jorge Azanza kirol-arduradunak zehaztuko ditu azkenean lasterketan lehiatuko diren zazpi txirrindulariak.
Bilboko Guggenheim Museoan egin den ekitaldi batean, Euskaltelek eta Euskaltel-Euskadik berretsi dute ilusioa, konpromisoa eta motibazioa dutela denboraldi honetako lasterketa berezi eta hunkigarrienean parte hartzeko, etxean eta euskal zaleen eta zale laranjen aurrean. Euskalteleko zuzendari Jon Ander de las Fuentesek anfitrioi-lana egin du, agintariek lagunduta, Juan Mari Aburto Bilboko alkatea buru, babesleen, txirrindulari ohien, komunikabideen eta publiko orokorraren aurrean, Auditorioan egin den ekitaldi dinamiko batean, Iker Amarika gidari eta animatzaile zela.
Hau nabarmendu du Jon Ander de las Fuentesek: “Beste behin ere, emozio bereziz bizi gara egun honetan: gure txirrindulari-taldea aurkeztuko dizuegu, Itzulia honetan gure errepideak eta gure bizitza laranjaz argiztatuko dituztenak. Guretzat, ohorea eta pribilegioa da beti lasterketa honetan egotea, gure tour berezian, etxekoan. Itzuliak, kirol-erronka izateaz gainera, etxearen eta errotzearen garrantzia gogorarazten digu, sustraiak izatearen garrantzia. Urtez urte, Itzuliak aukera ematen digu etxera itzultzeko eta Euskal Herriko txokoguztiak laranjaz janzteko gure Marea Laranjarekin: edizio honetan ere, azken hatseraino animatuko du Marea horrek etapa bakoitzean”.
Talde laranja
Aurrez hautatutako bederatzi txirrindularietatik zortzi euskal harrobikoak dira, eta haietatik zazpik armada laranjan debutatu dute profesional gisa. Hala, 2018an Euskaltel-Euskadi berriz martxan jarri zenetik, 24 txirrindularik egin dute salto amateurretatik profesionaletara. Horrek esan nahi du taldea nazioarteko tropeleko munduko onenen artean dagoela eta 1994az geroztik erreferentzia historikoa dela; ondare paregabea, Marea Laranjari eta harrobiari esker.
Aitor Galdós, Euskadi Fundazioko lehendakaria eta Euskaltel-Euskadiko managerra: “Badator Itzulia, eta, harekin batera, denboraldiko unerik garrantzitsuenetako bat gure gizonezkoen talde profesionalarentzat: Euskaltel-Euskadi. Etxeko etapakako lasterketa da, eta, guretzat, esanahi berezia du. Sutsuki bizi dugu lasterketa, eta egunero ehunetik ehun emateko erantzukizuna geure gain hartzen dugu. Egun horietan Euskadiko errepideak beteko dituzten milaka zaleei zor diegu, bizirik dagoen Marea Laranja horri, bere hatsaren bidez guri esfortzua eramangarriagoa iruditzea lortzen baitu”.
Aukera honetaz baliatu nahi dut Euskadi Fundazioan azken hilabete hauetan gertatutakoaz hitz egiteko. Aldaketa-garaia izan da, eta berregituratze sakona egin dugu, beharrezkoa antolaketa sendoagoa eta jasangarriagoa lortzeko. Prozesu horretan, eskerrak eman nahi dizkiet patronatuari eta sortutako lantaldeari, beren inplikazio eta dedikazioagatik; haiek gabe, ezin egingo genuen azken hilabete hauetan egin dugun bide zaila.
Euskadi Fundazioak, bere balioei atxikita, gogotsu eta adorez jarraituko du lanean, ezarri ditugun helburuak lortu ahal izateko. Hobetzeko grina hori proiektu honen DNAn dago, proiektua osatzen dugun pertsona guztietan, edozein dela ere gure egitekoa.
Txirrindulari-herria gara, eta historia handia dugu kirol honetan. Legatu horrekin jarraitzeko ardura handia dugu: lanean jarraitu behar dugu iraganeko lorpenak berriz lortzeko eta inoiz lortu gabeko batzuk ere eskuratzeko. Zergatik ez amets egin? Ametsetatik sortzen dira balentria handiak! Segi pedalei eragiten, eta iritsiko da gainerakoa...
Azkenik, aipamen berezia egin nahi diet babesleei eta bazkideei. Unerik zailenetan baldintzarik gabe eman diguzuen babesari esker gaude gaur hemen. Espero dugu, eta nahi dugu, bai gaur gurekin zaudetenok, bai etortzekoak zaretenok, jarraitu dezazuela, dezagula, Euskadi Fundazioa bizirik mantentzen beste 31 urtez”.
Eskerrik asko berriro guztioi, eskerrik asko beste behin ere. ITZULIAn izango gaituzue zain.
Euskaltelen kamiseta berria
Itzuliaren eta Euskadiko errepideen txoko guztiak laranjaz janzteko asmoz, ekitaldian parte hartu duten guztiek, bai Euskalteleko eta Euskadi Fundazioko arduradunek, bai lehiatuko den taldeko txirrindulariek, euskal zale guztiak animatu dituzte Marea Laranjarekin bat egiteko eta gure txirrindulariei Euskaltelen elastiko berriarekin laguntzeko.
Gaur aurkeztutako kamiseta berriak Kukuxumuxuren diseinu bat du: zaleek txirrindulariei —Beelorzia ahuntzak ordezkatzen dituela— emandako laguntza eta leialtasuna irudikatzen du. Hori guztia “Elkarrekin” lemapean. Euskaltel-Euskadik bere zaleekin, Marea Laranjarekin, duen harremanaren ezaugarririk nabarmenena leialtasuna da, baldintzarik gabeko babesa eta grina. Horregatik, elkarrekin nahi bezain urruti iritsiko dira, eta ideia horixe transmititzen du diseinu berriak.
Euskaltelen Marea Laranja bultzada handia da txirrindularientzat, zalantzarik gabe, eta hala utzi du agerian gaur, Jon Ander de las Fuentesek, Euskalteleko zuzendari nagusiak, hau nabarmendu duenean: “Gure taldearen ezaugarririk nabarmenena taldearen eta Marea Laranjaren artean sortutako familia da, inon berdinik ez duena eta parte hartzen dugun lasterketen maila igotzen duena. Bien arteko lotura mirespen eta sostengu hutsa baino gehiago da, bultzada nekaezina da errepideetatik kaleetaraino. Aurten ere Marea Laranja nabarituko da Itzulian”.
Marea Laranjari buruzko filma
Baina ez hori bakarrik: aurten, espero zen Euskaltelen kamisetarekin batera, guztiz berria den zerbait iritsi da: Marea Laranjari buruzko filmaren berri plazaratu da. Gaur goizean Guggenheimen egin den ekitaldian, Andrea Naveran Euskalteleko marka-arduradunak eta Joseba Urkiola EITBko Kiroletako zuzendariak dokumentalaren berri eman dute lehen aldiz. Museoko auditoriumean, bertan zeuden pertsonek film luzearen 45 segundoko laburpen bat ikusi ahal izan dute, eta noiz plazaratuko den iragarri dute: 2024ko udazkena.
Euskaltel eta EITB elkarrekin arituko dira datozen hilabeteetan dokumentalean, eta modu paregabean jasoko du Euskaltel-Euskadiren zaleen bereizgarri diren sentimendua, grina eta indarra: benetako Marea Laranjaren izaera. Irudi horiek ikusleen bihotza ukituko dute, eta txirrindularitzaren zaleak eta ez zaleak hunkitzeko gai izango dira.
Dokumental luzea izango da, eta txirrindularitzaren munduarekin zerikusia duten pertsona ugarik hartuko dute parte. Taldearen sorrera eta bilakaera azalduko dute, bai eta haren zaleek Espainiako eta nazioarteko txirrindularitzaren munduan izan duen eragina ere.
Gainera, gizarte osoa eta kirol honen zaleak proiektu honetan partaide egiteko, euskal operadoreak euskaltel.eus/marealaranja webgunea prestatu du, nahi duten guztiek beren bideoak partekatzeko aukera izan dezaten eta filmeko azken kredituetan sar daitezen, ekarpena eskertzeko.
Itzulia
Jorge Azanza kirol-zuzendariak, Jon Aberasturi, Mikel Bizkarra eta Iker Mintegi Euskaltel-Euskadiko txirrindulariek, gonbidatu berezi batek — Iban Mayo, 2003an Itzulia irabazi zuena eta 2004an bigarren izan zena— eta Roberto Laiseka Itzuliaren zuzendari teknikoak —beste ikono laranja bat— ibilbidea aztertu dute: sei etapa izango dira, apirilaren 1etik (astelehena) apirilaren 6ra (larunbata). Istorio eta pasadizo batzuk gogorarazi dituzte, eta, giro lasai eta atseginean, irabazlea nor izango den iragartzen ere saiatu dira.
Ibilbidea:
Apirilak 1, astelehena. 1. etapa: Irun - Irun, 10 km, banakako erlojupekoa
Apirilak 2, asteartea. 2. etapa: Irun - Kanbo, 160 km
Apirilak 3, asteazkena. 3. etapa: Ezpeleta - Altsasu, 190,9 km
Apirilak 4, osteguna. 4. etapa: Etxarri Aranatz - Legutio, 159 km
Ostirala, apirilak 5 5. etapa: Gasteiz - Zornotza, 175,9 km
Larunbata, apirilak 6 6. etapa: Eibar - Eibar, 137,8 km
Euskaltel Komunikazioa