Euskaltelek bat egin du S2 Gruporekin, enpresa bezeroei zibersegurtasun-zerbitzuak areagotzeko

Bilbon, 2022ko martxoaren 28an. S2 Grupo zibersegurtasun-enpresak eta Euskaltelek itun estrategiko bat sinatu dute, zeinaren bidez Espainiako iparraldeko telekomunikazio-operadore liderrak bere enpresa bezeroentzako zibersegurtasun-zerbitzuak areagotuko baititu. Bestalde, S2 Grupo, Europako zibersegurtasunaren sektoreko erreferentziako enpresa, Euskaltelen zibersegurtaun-proiektu eta -zerbitzuetarako hornitzaile nagusi bihurtuko da.

S2 Gruporen jarduerak hiru ildo nagusi ditu: ikuskaritza- eta aholkularitza-proiektuak (bezeroen zibersegurtasuna ebaluatzeko eta beren negozioetarako babes-sistema espezifikoak diseinatzeko), produktu propioen garapena (zibersegurtasunaren arloko babes-, detekzio- eta erantzun-gaitasunak handitzeko), eta zibersegurtasuna etengabe kudeatzeko zerbitzuen eskaintza eta misio kritikoko sistemen ustiapena zibersegurtasuna kudeatzeko diseinatutako 24x7 zentro espezifikoetatik.

Bi konpainien arteko akordioari esker, enpresa bakoitzak bere sektorean dituen esperientzia eta gaitasunak bateratuko dira, eta horrek aukera emango die Euskalteli eta MASMOVIL Taldea osatzen duten konpainiei beren enpresa bezeroei zuzendutako produktu- eta zerbitzu-katalogoa handitzeko. Bestalde, S2 Taldeak bere eskaintza indartuko du, Espainiako iparraldean hedatzeko aukera izango baitu; hain zuzen ere, 2021ean ireki zuen aurreneko delegazioa, Donostian.

"Oso baliotsua da Euskaltelekin/MASMOVIL Taldearekin egindako itun hau, zibersegurtasuneko gure soluzio berritzaileekin osatuko ditugulako Interneteko eta telefoniako beren zerbitzuak. Gaur egungo testuinguruan, ezin dira bereizi telekomunikazioak eta segurtasuna, eta, beraz, urrats handia da hau. Hala, etorkizuneko bezeroek jauzi kualitatiboa nabarituko dute beren enpresen edo etxeen zibersegurtasunean", adierazi du Iñigo Buenok, S2 Gruporen Euskadiko ordezkariak.

"S2 Gruporen helburua da mundu ziberseguru bat prestatzea, zibermehatxuei eta zibergertaerei aurre egiteko gure babes-, detekzio- eta erantzun-zerbitzuen bidez. Aurrea hartu behar diogu ziberdelinkuentziari, eta Euskaltel/MASMOVIL Taldearekin sinatutako ituna hori lortzeko aurrerapauso handia da, aukera emango baitu zibersegurtasuna bezero guztiengana hurbiltzeko", esan du Rafael Rosell konpainiako zuzendari komertzial nagusiak.

José Manuel González Euskalteleko eta MASMOVIL Taldeko hodeiko produktuen eta zibersegurtasunaren arduradunak adierazi duenez, "nahiz gure egungo zerbitzu-eskaintzak asko errazten dituen enpresak digitalizatzeko proiektuak, jakin badakigu bide horrek mehatxuak areagotzen dituela. Zibererasoek mota guztietako enpresei eragiten diete, baina ETEak dira zaurgarrienak, babes gutxiago izaten dutelako, eta, beraz, haien datuek eta aplikazioek mehatxu- eta lapurreta-arrisku handiagoa dutelako. Enpresa gehienek ezin dute inbertsio handirik egin, baina funtsezkoa da zibersegurtasuneko estrategia bat izatea, erakundearen prozesu guztiak kontuan hartuko dituena. S2 Gruporen esperientzia handiari esker, kasu bakoitza aztertuko dugu, eta behar horiek asetzeko neurrirako planak diseinatu eta eskainiko ditugu. Argi eta garbi esan dezakegu zibersegurtasuna ez dela luxu bat, kalte handiagoak saihesteko behar bat baizik".

S2 Grupori buruz

S2 Grupo zibersegurtasunarekin eta sistema kritikoen kudeaketarekin lotutako produktuak eta zerbitzuak garatzen eta ematen dituen enpresa espezialista bat da. Haien helburua da enpresen eta erakunde publikoen prozesuak bermatzea eta haien aktiborik baliotsuena babestea: informazioa, alegia.

Enpresak 19,5 milioi euroko fakturazioarekin itxi zuen 2020a, aurreko urtean baino % 12 gehiago, eta 414 langile ditu. 1999an sortu zenetik, S2 Grupo segurtasunaren arloko erreferentziako konpainia bihurtu da nazioartean. Bezeroen artean, konpainia lider ugari ditu, sektore askotakoak: banaketa, energia, banketxeak, aseguru-etxeak, osasungintza, industria eta Administrazio Publikoko erakundeak.

Konpainiak Madrilen du egoitza nagusia, eta 24x7 Zerbitzu Zentroa, berriz, Valentzian. Gainera, Bartzelonan, Donostian, Bruselan, Lisboan, Bogotan, Txileko Santiagon eta Mexiko Hirian ere baditu bulegoak.

Euskalteli buruz

Euskaltel Taldea Espainiako telekomunikazio-konpainia nagusietako bat da, pertsona, erakunde eta enpresen komunikazio-beharrei erantzun integrala ematen diena. Euskaltel Taldea -Euskaltel markarekin Euskadin, R markarekin Galizian eta Telecable markarekin Asturiasen- lider da jarduten duen merkatu guztietan, tokian-tokian ondo errotua dago eta nagusi da zuntz optikoan eta telekomunikazioko zerbitzu bateratuetan. 2021eko abuztutik, MASMOVIL Taldeko kide da. MASMOVIL eta Euskaltel Taldea batuta, 14,3 milioi linea inguru dituen talde bat sortu da -mugikorreko 11,3 milioi bezero eta banda zabaleko 3 milioi bezero baino gehiago-, gutxi gorabehera 3.000 M€-ko diru-sarrerak, 1.000 M€-tik gorako EBITDA, zuntz optikoarekin konektatutako 26,5 milioi etxe eta 2.000 langile inguru dituena, eta estatu osoan presentzia sendoa duena.

IKTetako soluzioak eskaintzen ditu Euskaltel Taldeak etxeko eta enpresako bezeroen komunikazio-ziklo guztirako, zerbitzu teknologikoen aukera zabal baten bidez: Internet, telefonia finkoa, telefonia mugikorra, telebista digitala, banda zabala, eraldaketa digitaleko prozesuak, IoT soluzioak (gauzen Internet), adimen artifiziala, hiri adimendunetarako soluzioak eta 4.0 industria.

Gaur egun, bezero guztientzako azpiegitura eguneratzen ari da. Espainiako zuntz optikoko 5G sare bizkorrena eta modernoena izango dute denek, 10 gigako abiadura simetrikora bitarteko sarbidearekin. Horri esker, Euskadi, Galizia eta Asturias Europako lurralderik aurreratuenetakoak izango dira telekomunikazio-teknologiari eta -azpiegiturei dagokienez.

Euskaltel - Komunikazioa

komunikazioa@euskaltel.com