Euskaltelek THEA plazaratu du, IoT (gauzen Internet), big data, analisi aurreratu eta prozesuen automatizazio robotikorako plataforma bat, enpresetara bideratua

Bilbo, 2022ko apirilaren 25a. Euskaltelek -Euskadiko telekomunikazio-operadore nagusia- THEA plazaratu du. Sareak monitorizatzeko eta kudeatzeko zerbitzu bat da, berariaz diseinatua beren IT azpiegiturak kontrolpean eduki nahi dituzten enpresentzat, eta haren helburua da digitalizazio-prozesuetan beste urrats bat egiten laguntzea enpresei eta, hala, haien lehiakortasunari bultzada ematea.

Euskaltelen THEAri esker, enpresek aukera dute orain IKT-iturri batek baino gehiagok sortutako informazioa denbora errealean eskuratu, metatu eta aztertzeko. Horretaz gainera, IKTen eragiketa- eta kudeaketa-prozesuak digitalizatu eta optimizatzeko eta datuak aprobetxatzeko software-tresnak eta -automatak ditu; hala, zerbitzuen eskuragarritasuna, errendimendua eta segurtasuna bermatzen ditu une oro.

Zerbitzu aitzindaria da, operadoreak berak diseinatua eta garatua, enpresa bezeroek egunerokotasunean planteatzen dizkioten premietan oinarrituta: datu-analitikan oinarritutako soluzioak dira, enpresen egoitzak eta datu-prozesaketako zentroak denbora errealean monitorizatzen dituena, besteak beste.

Enpresek jada ez dute inbertitu behar baliabide ekonomikorik eta giza baliabiderik ad hoc prestatutako monitorizazio-sistemetan, orain plataforma teknologiko hori zerbitzu moduan kontrata baitezakete. Orain, THEArekin, enpresek, tresna bakar batetik eta erabat modu autonomoan, beren komunikazio-sarearen eta makina birtualen egoera monitoriza dezakete, ekipoetan eragiketak egin eta errepikakorrenak automatizatu, eta, gainera, gerta daitezkeen gorabeheren jarraipena egin. Azken finean, enpresen IKT iturri guztien diagnostiko-, operazio- eta kudeaketa-lanak errazten dituen zerbitzu bat da.

Tresna horren bidez, erabiltzailearentzako abisu-arauak eta -mezuak defini daitezke, sarearen egoera zein den jakiteko, erabiltzaileak panelean modu proaktiboan sartu beharrik izan gabe. Hori dela eta, tresna ahaltsua da enpresentzat, denbora errealean monitorizatu, diagnostikatu eta erabakiak har baititzakete, THEAk lortutako informazioaren arabera.

SANDRA, prozesuak automatizatzeko bot-a

Gainera, azterketa pertsonalizatu baten ondoren, THEA osatu egin daiteke RPA edo "prozesuen automatizazio robotikoa" deritzon teknologiarekin. Prozesuak automatizatzeko bot-ari SANDRA izena eman zaio. Eskura dauden laguntza-tresnak erabiltzen ditu, emaitzak interpretatzen ditu, eta erabakiak hartzen ditu, aurrez ezarritako parametroen arabera. SANDRAk, gainera, pertsonen lana osatzen du, monitorizatzen diren zerbitzuak 24 orduz eta 7 egunez zaintzen baititu, eta ikuskapenak eta diagnostiko automatikoak egiten baititu.

Euskaltelek aholkularitza aditua eskaintzen die enpresa bezeroei, martxan jartzeari eta mantentze-lanei dagokienez, kontratatutako zerbitzuen errendimendu eta kalitaterik handienak lortzeko.

THEA-REN JATORRIA

Zergatik deritzo THEA monitorizazio- eta kudeaketa-plataforma horri? Mitologia grekoan, argi guztiaren jatorri den titanidea zen Thea. Beste izen batzuk ere baditu, haren ezaugarri jainkotiarrei erreferentzia egiten dietenak: distira handikoa, arakatzailea eta behatzailea. Heliosen ama da, eta dena ikusten duen jainko baten moduan deskribatu ohi da Helios; Theari ere inplizituki egozten zaio ezaugarri hori.

Euskaltel - Komunikazioa

komunikazioa@euskaltel.com