Euskaltelek eta APDk zibersegurtasuneko zenbait nafar enpresen erronkei helduko diete
- Datorren asteartean, martxoak 14, zibererasoen arloan enpresei egun agertzen zaizkien arriskuei eta horiek txikiagotzeko irtenbideei buruzko jardunaldi bat izango da Iruñeko Baluarte Biltzar Jauregian.
Euskaltel, Nasertic, Aenor eta Mutua Navarrako zenbait adituk informazioaren segurtasun-sistemen ezarpenari buruz hausnartuko dute; adibidez, duela gutxi eguneratu den ISO 27001 arauari buruz. Horrez gain, erakundeek eta haien hornitzaileek zibersegurtasunaren arloan ezarri behar dituzten neurriei buruz ere jardungo dute.
Iruñean, 2023ko martxoaren 14ean.- Datuak eta aktibo digitalak babesteko segurtasun-sistema egokiak garatzea eta mantentzea gomendatzen zaie enpresa eta erakundeei eszenatoki digital berrian, baina, gomendio gisa baino gehiago, nahitaezko obligazio gisa hartu beharreko zerbait da eraldaketa digitalak berekin ekar ditzakeen mehatxuak geldiarazi nahi badira.
Iruñeko Baluarte Biltzar Jauregian horretaz jardungo dute foro batean datorren asteartean, martxoak 14, eta xehe-xehe aztertuko dute zein neurri har ditzaketen enpresek halako zibermehatxuei aurre egiteko. Hala, APDk eta Euskaltelek hainbat aditu bilduko dituzte gai hauei buruz jarduteko diseinatutako jardunaldian: arriskuen ebaluazioan sakontzea, zein neurri har daitezkeen aztertzea eta, gainera, neurriak arrakastaz ezarri dituzten zenbait erakunderen adibideak aipatzea.
Jardunaldia
APDk eta Euskaltelek antolatutako jardunaldi horrek ardatz nagusitzat izango du enpresak zibererasoetatik babesteko aukera ematen duten Informazioaren Segurtasuna Kudeatzeko Sistemak ezartzea. Izan ere, halako arriskuak ugaritu direnez, enpresa askok Informazioaren Segurtasuna Kudeatzeko Sistemak (ISKS) inplementatu dituzte beren aktiboak babesteko. Sistema horien bidez, informazioaren segurtasuna leku bakar batetik eta hobeto kontrolatu nahi da. Ikusita gaia zenbateraino den garrantzitsua, APDk eta Euskaltelek, Aenorren laguntzarekin, Informazioaren Segurtasuna Kudeatzeko
Sistemak: ISO 27001 praktikan jardunaldia antolatu dute. Hartan, araudia sakon aztertzeaz gain, arrakastaz inplementatu duten erakundeen kasu praktikoak azalduko dira. Araudi hori duela hilabete gutxi eguneratu da, hain zuzen, 2022ko urrian; eta saio honetan nobedade garrantzitsuenen berri emango da.
IT gobernantzarako ISO 27001 ardatz gisa duten hainbat sektoretako enpresak gero eta gehiago digitalizatu dira, eta horrek ekarri du arau hori duela gutxi eguneratu izana. Izan ere, enpresa handi askok ISO 27001 ziurtagiria eskatzen diete hornitzaileei haiekin lan egiteko; horregatik, oso garrantzitsua da ziurtagiri hori izatea.
Jardunaldi hau APD Nortek eta Euskaltelek duten lankidetza-hitzarmenaren emaitza da. Hitzarmen horren helburua da enpresen digitalizazioa bultzatzea eta enpresei laguntzea eta prozesu osoan laguntzea. Horrelako topaketak aukerak dira harremanak ezartzeko eta jardunbide onenetatik ikasteko, enpresa-kudeaketako bikaintasunaren azken helburua lortzeko. Hala, Euskaltelek Euskadiko eta Nafarroako enpresen eraldaketa digitalari buruzko ikuspegia eskaintzen du, kontuan izanik gaur egungo testuinguruan funtsezkoa dela aldaketetara azkar egokitzeko gaitasuna. Gainera, zenbait enpresak beren esperientziak eta arrakasta-kasuak azalduko dituzte, eta mahai-inguru bat izango da ondoren.
Parte-hartzaileak:
IÑAKI PINILLOS RESANO, Nafarroako APDko kontseilaria eta NASERTICeko zuzendari kudeatzailea
JON ANDER DE LAS FUENTES INCHAUSTI, EUSKALTELeko zuzendaria eta MASMOVIL Taldeko lurralde-zuzendaria
JORGE GARCÍA CASANOVA, MUTUA NAVARRAko eraldaketa digitaleko zuzendaritzako CIOa eta CISOa
IDOIA URIARTE LETAMENDI, MASMOVIL Taldeko CISOa
BORIS DELGADO RISS, AENOReko Digitalizazioko eta Teknologiako Soluzioen zuzendaria
ENRIQUE RODAL MONTER Komunikazio Teknologikoko aholkulariak moderatuko du jardunaldia.
Informazio gehiago: Informazioaren Segurtasuna Kudeatzeko Sistemak: ISO 27001praktikan - Euskaltel Enpresak Bloga
Euskaltel - Komunikazioa
komunikazioa@euskaltel.com