Euskaltel hazi egin da 2022an bezero-kopuruari eta errentagarritasunari dagokienez, eta 150 milioi eurotik gorako inbertsioa egin du Euskadiko eta Nafarroako konektagarritasuna hobetzeko

Bilbon, 2023ko apirilaren 18an.- Euskaltelek Euskadin eta Nafarroan 2022an izandako jardueraren balantzea aurkeztu du gaur. Merkatu-baldintza zailak gorabehera, Konpainiak hazkundea berreskuratu du bere negozio-magnitude nagusietan eta, aldi berean, nabarmen hobetu ditu bezeroen eskura jarritako zuntzeko eta mugikorreko telekomunikazio-sareak.

2022an, Euskaltelek emaitza komertzial onak izan ditu, eta negozioaren hazkundea eta pultsua berreskuratu ditu. Iazko ekitaldiaren amaieran, milioi bat linea baino gehiago zituen banda zabal finkoa eta ondoren ordaintzeko mugikorrak kontuan hartuta. Gaur egun, Euskaltelek hazten jarraitzen du, eta maximo historikoetara heldu da Euskadin eta Nafarroan, zerbitzu-eskaintzari dagokionez.

Bestalde, MASMOVIL Taldeak 1,3 milioi linea baino gehiago ditu Euskadin. Horietatik 900.000 mugikorrekoak dira eta 400.000 baino gehiago, banda zabal finkokoak.

Finantzen ikuspegitik ere, Euskaltelek emaitza onak izan ditu, bai emaitza operatiboan (Ebitda + % 12), bai kutxa-sorkuntzan (+ % 100); izan ere, Taldeak 110 milioi euro lortu ditu integrazioaren ondosiozko sinergietan.

Euskal biztanleei eskuragarri dauden telekomunikazio-sare onenak eskaintzeko apustuari dagokionez, eta 150 milioi eurotik gorako inbertsioa egin ondoren (MASMOVIL Taldean integratu zenetik), Euskaltelek EAEko biztanleen % 85i eskaintzen dizkio 5G zerbitzuak, eta merkatuko zuntz optikoaren sare modernoenera ditu konektatuta euskal etxeen % 97. Une honetan, Euskaltelen alta berrien % 95ek baino gehiagok zuntz optikora sartzeko teknologia dute.





Negozioa berriro ari da hazten banda zabala eskuratzeko teknologia modernizatu egin delako, zuntz optikoaren hedapena sustatu delako, mugikor-estaldura eta 5G teknologiako estaldura hobetu delako eta zerbitzu bateratuen eskaintza erraz eta osoa jarri delako euskal bezeroen eskura. Gainera, etengabe murriztu da bezeroen intzidentzia-kopurua, eta horrek bezeroen gogobetetze-maila handitzea eta bezeroen fidelizazioak gora egitea ekarri du.

Bezeroen esperientzia neurtzen eta aztertzen duten adierazle guztiak kontuan hartuta,

enpresaren intzidentzia-kopurua% 48,5 murriztu da.

Gaur goizean hedabideekin egindako agerraldi batean, Jon Ander de las Fuentes Euskalteleko eta MASMOVIL Taldearen Euskadi eta Nafarroako zuzendariak honako hau nabarmendu du: “Oso pozik gaude iaz Euskaltelek lortu zituen emaitzekin. Izan ere,

berriro ere erreferentziazko euskal operadore izatea lortzeaz gainera, etengabe ari gara hazten, bai bezero-kopuruari, bai finantza-magnitude nagusiei dagokienez”.

Jardueraren hazkundea Euskadi eta Nafarroako enpresa-segmentuan

Euskaltelek erreferentziazko euskal telekomunikazio-enpresa eta euskal ingurune sozial eta ekonomikorako enpresa eragile izaten jarraitzen du.

Posizionamendu horrekin, Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa-segmentuan duen presentzia hobetu du Euskaltelek; izan ere, jarduera horren ondoriozko fakturazioa 50 milioi eurokoa da dagoeneko, eta 6.000 enpresari baino gehiagori ematen dizkio telekomunikazio-zerbitzuak.

Euskaltelek enpresei zuzendutako merkatuko zerbitzu teknologiko onenak eskaintzen ditu, azken belaunaldiko sareei esker. Euskaltelen Euskadiko Datacenter-ak cloud zerbitzuak eskaintzen ditu 2000. urteaz geroztik, bai eta bestelako telekomunikazio- zerbitzu berritzaileak eta IKTko zerbitzu bateratuak ere.

Horri guztiari esker, enpresen sektoreko diru-sarrerek % 20 baino gehiago egin dute gora azken bost urteetan.

Jasangarritasunaren, ESG planaren eta I+Gko lankidetzaren aldeko apustuasendotzea

Jasangarritasunaren eta ingurumen-babesaren esparruan azken urteotan egindako ahaleginaren emaitza gisa, Euskaltelek, MASMOVIL Taldeko kide den aldetik, ESG planaren inguruko ziurtagiri eta kalifikazio oso garrantzitsuak lortu ditu, hala nola: B- Corp enpresa izatea lortu duen Europako lehen operadorea eta Espainiako handiena izatea; Nazio Batuen Mundu Itunari atxikitzea 2020. urteaz geroztik; Zero Neutral Carbon izatea lortu duen lehenengo telekomunikazio-enpresa izatea, edo ISO 14001 (ingurumen-kudeaketa) eta ISO 50001 (energia-efizientzia) ziurtagiriak lortu izana.

Gainera, 2023ko martxoaren hasieran, MASMOVIL/Euskaltel taldeak 100etik 77 puntuko ESG ratinga lortu zuen Sustainable Fitch kalifikazioan. Hala, Sustainable Fitch-en puntuaziorik onena jaso duen Europako telekomunikazio-enpresa bihurtu da, eta jasangarritasunaren arloan duen lidergoa indartzea lortu du horri esker. Rating horretaz gainera, nabarmentzekoa da CDP nazioarteko erakunde ospetsuak berriki emandakoa, zeinak aintzatesten baitu Taldeak klima babesteko neurriak hartzen dituela.

I+Gri dagokionez, 5G proiektu pilotuaren buru izan da Euskaltel Euskadin, eta lankidetza-sare sendoa du inguruko eragile teknologikoekin (unibertsitateak, LHko ikastegiak eta zentro teknologikoak). Euskadiko berrikuntzaren eta telekomunikazioen sektorea sustatzen jarraitzen du, enpresa eragile gisa, eta goi- mailako prestakuntza-hitzarmenak lortu ditu telekomunikazioen, zibersegurtasunaren, adimen artifizialaren edo lengoaia naturalaren arloetan. De las Fuentesen hitzetan: “gure enpresa bazkideekiko harreman zuzenak eta laguntza-harremanak sendotzen saiatzen

gara, talentu kualifikatua eskuratzeko aukera izan dezaten, gure zerbitzu eta azpiegituren mantentze-beharrei eta bezeroentzako zerbitzu-beharrei erantzuteko”.

Gainera, Euskaltelek aktiboki parte hartzen du BRTAn eta euskal teknologia-zentroen gaitasunetan oinarrituta ebatz daitezkeen erronka teknologikoetan. Horretaz gain, ADI Proiektuko bazkidea da, zeinaren bidez lehen mailako azpiegitura bat bultzatu nahi baita zerbitzu birtualak garatzeko eta hornitzeko, eta inguruko enpresa eta erakundeen datuen kudeaketa eta segurtasuna optimizatzeko.

Lurraldearekiko konpromisoa: hemen da berriro Euskaltelen marea laranja

Euskaltel ekintza eta babesletza ugariren bidez dago presente Euskadin, eta kirola eta kultura babesten ditu, urtean 200 gizarte-, kultura- eta kirol-jarduera baino gehiagoz osatutako egutegiaren bidez.





Horien artean, nabarmentzekoa da Euskaltel-Euskadi txirrindularitza-taldearen babesletza, profesionalki eta finantza-aldetik babestua, erreferentziako bazkide hauekin: Orbea, Laboral Kutxa edo Etxe Ondo, besteak beste. Hala, honela azaldu zuen Jon Ander de las Fuentesek: “Txirrindularitzarako hain garrantzitsua den urte honetan, hots, Tourra etxean sentitzeko pribilegioa izango dugun urtean, hasiak gara jada gure txirrindularitza-grinaz gozatzen, duela egun batzuk ospatu den Euskal Herriko Itzuliarekin. Marea Laranjaren itzulera bizi izan dugu, eta guztiok hunkitzen eta harrotzen gaitu horrek”.

Gainera, Euskaltelek babes osoa eskaintzen die beste kultura-ekimen batzuei, bai eta euskara sustatzeko eta kirolean berdintasuna bultzatzeko egiten diren beste jarduera askori ere.

Euskalteli buruz

Pertsonen, erakundeen eta enpresen komunikazio-beharrei erantzun integrala ematen dien Espainiako telekomunikazio-konpainia nagusietako bat da Euskaltel Taldea. Operadore nagusia da Euskal Autonomia Erkidegoan, eta lotura estua du eremu horrekin. Zuntz optikozko eta 4G eta 5G mugikorreko sare zabala du, eta, horri esker, telekomunikazio-zerbitzu bateratuak eskaintzen dizkie partikularrei eta enpresei.

2021eko abuztutik, MASMOVIL Taldeko kide da. MASMOVIL eta Euskaltel batuta, 15,3 milioi linea inguru dituen talde bat sortu da —mugikorreko 12 milioi bezero eta banda zabaleko 3 milioi bezero baino gehiago—, gutxi gorabehera 3.000 M€-ko diru-sarrerak, zuntz optikoarekin konektatutako 28 milioi etxe eta 1.800 langile inguru dituena, eta estatu osoan presentzia sendoa duena.

IKTetako soluzioak eskaintzen ditu Euskaltelek etxeko eta enpresako bezeroen komunikazio-ziklo guztirako, zerbitzu teknologikoen aukera zabal baten bidez: Internet, telefonia finkoa, telefonia mugikorra, telebista digitala, banda zabala, eraldaketa digitaleko prozesuak, IoT soluzioak (gauzen Internet), adimen artifiziala, hiri adimendunetarako soluzioak eta 4.0 industria.

Euskaltel - Komunikazioa

komunikazioa@euskaltel.com