Euskaltelek eta Deustuko Unibertsitateak talentu emergentearen aldeko apustua egin dute, eta ikasgela teknologiko bat sortu dute

Bilbon, 2024ko otsailaren 8an.- Euskaltelek eta Deustuko Unibertsitateak talentu emergentearekin eta berrikuntza eta prestakuntzarekin duten konpromisoa indartu dute, eta, lankidetza horren emaitza gisa, “Euskaltel – Deustu Ikasgela Teknologikoa” sortu dute.



Orain arte, bi erakundeek lankidetza estua zuten, eta lankidetza hori are gehiago estutu zen 2023an. Orain, agerian geratu da aukera paregabea dela digitalizazioko, teknologia berrietako, adimen artifizialeko eta datu-analisiko ikasleentzat.



Izan ere, aliantzak beste bultzada bat jaso du: Euskaltel – Deustu Ikasgela Teknologikoa jarri dute martxan bi erakundeek, eta hala jasoa geratu da Jon Ander de las Fuentes Euskalteleko zuzendari nagusiak eta Asier Perallos Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateko dekanoak egindako sinadura-ekitaldian. “Harro gaude horrelako proiektu bat martxan jartzeaz. Konpromiso argia dugu talentu emergentearekin, eta, beraz, ezinbestean sartu eta sustatu behar dugu gure lankidetza-programetan”, adierazi du Euskalteleko zuzendariak. Deustuko Unibertsitateko dekanoak, berriz, hau nabarmendu du: “Ingeniaritzaren zenbait arlotan erreferentzia diren enpresekin ditugun aliantzak finkatzea pozgarria da gure fakultatearentzat. Pozik gaude ikasgela teknologikoa sortu dugulako; proiektu horri esker, gure ikasleek telekomunikazio-operadore baten —kasu honetan, Euskaltelen— benetako arazoak ezagutu eta profesionalekin batera lan egin ahal izango dute erronka teknologikoak konpontzen”.



Aukera ikaragarria

Ikasgela teknologiko berri honen bidez, sei hilabetez, Deustuko Ingeniaritza Informatikoko bost ikasle hautatuk bekak izango dituzte tutore profesionalekin batera Euskaltelen Sistemak – IT arloko erronka teknologikoetan lan egiteko. Hodeiko inguruneekin arituko dira lanean, adimen artifizialeko hizkuntza naturalaren bidez aplikazioak garatuko dituzte, eta arriskuak eta iruzurrak aztertzeko negozio-arauak sortuko dituzte, besteak beste.



Bi erakundeen arteko aliantzaren barruan, Euskalteleko profesionalak master classak ematen ari dira Deustuko Unibertsitatean. Klase horietan, ikuspegi praktikoa ematen saiatzen dira ikasleei, eta ikasten ari diren ezagutzak enpresa-munduan aplikatzen erakusten diete.



Izan ere, Euskaltelentzat tresna ezin hobea dira katedrak eta ikasgelak talentu emergentea sustatzeko. Hala, operadorearen helburua da ikasleak lankidetza-programetan sartzea eta haiei aukera ematea beren trebetasunak eta gaitasunak diziplina aurreratuetan aplikatzeko.



Bi enpresek aitortzen dute egungo egoera teknologikoan garrantzitsua dela etorkizuneko profesionalei laguntzea eta funtsezko gaitasunak garatzen laguntzea. Eta, hain zuzen, unibertsitateekiko lankidetza, ekimen hauen bidez, estrategia arrakastatsua da talentua indartzeko eta telekomunikazioen eta teknologiaren eremuan berrikuntza sustatzeko.



Euskaltel Komunikazioa

comunicacion@euskaltel.com